Skip to content
945 18 70 40 tokieder@tokieder.eus

GURASO ELKARTEA

ZU ERE HEZKUNTZA KOMUNITATEAREN PARTAIDE ZARA

NORTZUK GARA

NORTZUK GARA

Tokieder Ikastolako Guraso Elkartea ikastolako familiok osatzen dugu. Guraso batzuk, Elkarteko bazkide izateaz gainera, modu aktiboan parte hartzen dugu Guraso Elkartearen jarduerak aurrera eramateko. Uste dugu asko dugula ikastolaren bizitzari emateko eta partaide gaituen hezkuntza komunitatearekiko konpromisoak mugitzen gaitu.

Guraso Elkartea batzordeetan antolatzen da, jarduera-esparruaren arabera: eskola-orduz kanpoko ekintzak, jaiak, zaintza, euskara, jantokia, udalekuak eta abar, eta funtzionamendu orokorraz arduratzen diren hiru kargu daude: Lehendakaria, diruzaina eta idazkaria.

Guraso Elkarteak bi finantza-bide nagusi ditu: ikastolako familien bazkidetza-kuota eta erakunde publiko desberdinen diru-laguntzak.

ZER EGITEN DUGU

Guraso Elkarteak ikastolako gurasoek izan ditzaketen kezkei estaldura ematen die eta ikastolarako jarduera proposamen eta iradokizunak jasotzen ditu.

Gainera, eskola-orduz kanpoko ekintzak, zaintza zerbitzua, udalekuak, Guraso Eskola, Ikastolako jaiak,euskararen erabilera bultzatzeko ekintzak, gurasoentzako hitzaldi eta tailerrak, baserritar jantzien mailegu zerbitzua, urtekaria, istripu asegurua, gurasoen abesbatza…

PARTE HARTU

Denok daukagu zerbait ikastolako komunitateari emateko. Denbora gutxi baduzu ere, ziur zuk egiten dakizun zerbait ondo etorriko dela Guraso Elkarteak antolatzen dituen jarduerak egiteko. Eta beste zerbait antolatzeko ideia berriren bat baldin baduzu, ongi etorria izango da. Animatu eta parte hartu zuk ere!

GUK ANTOLATZEN DUGU…

ESKOLA-ORDUZ KANPOKO EKINTZAK

Guraso Elkarteak eskola-orduz kanpoko hainbat ekintza antolatzen ditu, ikastolako ohiko jarduerekiko osagarriak direnak. Ekintza hauen helburuk dira:

  • Haurren heziketa integralean lagungarri izatea
  • Haurren ongizateari laguntzea eta ohitura osasungarriak bultzatzea
  • Eskola-orduetatik kanpo euskararen erabilera sustatzea
  • Aisialdia modu dibertigarrian eta balore positiboei lotuta bizitzeko ohiturak sortzea

ZAINTZA ZERBITZUA

Zaintza zerbitzua ikastolako Guraso Elkartearen ekimenez antolatzen da. Zerbitzu honi esker, haurren sarrera-ordutegia malguagoa da eta familia bizitza eta eskola eta lan bizitzak bateragarri egiten laguntzen du. Sarrera 8:15etatik 9:30ak artekoa da eta zerbitzua egun zehatzetarako edo ikasturte osorako eska daiteke. Zaintza zerbitzuan dauden bitartean, haurrek jolastu eta elkarrekin harremanak dituzte, giro ludiko eta hezigarri batean, eta beti arduradunen zaintzapean

Udalekuak

Tokieder ikastolan ikasturtea amaitzean Guraso Elkarteak udalekuak antolatzen ditu. Udalekuak ikastolan bertan egiten dira, kanpoko arduradun talde baten ardurapean eta hainbat jarduera mota egiten dira helburu hezitzaile eta ludikoarekin.

Guraso eskola

Guraso Eskolaren helburua da euren seme-alaben heziketari buruz gurasoek dituzten kezkak, zalantzak eta jakin-minak lantzea, psikologo baten laguntzarekin. Ikasturtean zehar 12-13 saio egiten ditu eta bertako partaide diren gurasoen artean erabakitako gaiak lantzen dira. Tokieder ikastolan hiru Guraso Eskola ditugu: Haur Hezkuntzakoa, Lehen Hezkuntzakoa eta behar bereziak dituzten haurren gurasoena.

GURASOEN ABESBATZA

Ikastolako guraso talde batek osatzen du abesbatza eta irakasle-zuzendari baten laguntzarekin euskal kantu tradizionalak eta bestelakoak lantzen ditu. Parte hartzeko ez da beharrezkoa musika-ezagutzarik izatea. Animatu eta etorri gurekin abestera!

URTEKARIA

Guraso Elkartearen ekimenez, urtero ikastolako gela guztien argazkiez osatutako urtekaria argitaratzen da eta familiei eskaintzen zaie, bazkide guztientzako salneurri merke batean.

EUSKARAREN ERABILERA BULTZATZEKO EKIMENAK

Ikasturte osoan zehar hainbat jarduera egiten dira ikastolako haurrek eta gurasoek euskara gehiago erabiltzeko eta normaltzeko helburuarekin: euskara ikasteko eskolak (Gasteizko Udalarekin batera), Euskararen Eguneko jaia, familia-irteerak, lehiaketak, ikuskizunak, gurasoentzako tailerrak, Korrikarekin lotutako ekimenak…

IKASTOLAKO JAIAK

Guraso Elkarteak, ikastolako zuzendaritza eta irakasleekin batera, ikasturtean zehar hainbat jai antolatzen ditu ikastolako haur eta familientzat:

Euskararen Eguneko jaia, Gabonetako jaia eta zozketa, ikasturte amaierako festa…

Jai hauen helburua da ikastolako komunitatea osatzen dugunon arteko harremana estutu eta giro alai batean gozatzea.

ISTRIPU ASEGURUA

Guraso Elkarteak, Denon Eskola Arabako Guraso Elkarteen Federazioarekin elkarlanean, urtero, ikasturte hasieran, borondatezko istripu asegurua eskaintzen die bazkide diren ikastolako familiei.

BASERRITAR JANTZIEN MAILEGU-ZERBITZUA

Ikastolan antolatzen diren hainbat jaitan, haurrak baserritar jantziarekin parte hartzeko ohitura dago. Hala ere, ikasle batzuk, Euskal Herrira iritsi-berriak direlako, euren familien egoera ekonomikoagatik edo bestelako arrazoiengatik, ez dute baserritar jantzirik. Guraso Elkarteak mailegu-zerbitzua du ikasle horiek, beste guztiek bezala, ikastolako jaietan baserritar jantziarekin parte hartzeko aukera izan dezaten.

BESTELAKOAK

Ikasturtean zehar beste hainbat gauza egiten ditu Guraso Elkarteak: gurasoen intereseko gaiei buruzko hitzaldiak antolatu, jantoki zerbitzua hobetzeko proposamenak eta ideiak helarazi arduradunari, jolastokia apaintzeko auzolana antolatu, ikastolako erabaki nagusietan parte hartu Ikastolako Kontseiluaren bidez, Denon Eskola Arabako Guraso Elkarteen Federazioaren jardueretan parte hartu, eskola publikoaren alde antolatzen diren ekimenetan parte hartu eta abar.

Harreman jartzeko bidali iezaiguzu email bat formulario hau betetzen.

    Ikastola TOKIEDER.
    Calle Duque de Wellington, 01010 Vitoria-Gasteiz.
    tokieder@tokieder.eus 945 18 70 40

    Consulta la política de privacidad, datos y cookies aquí.